Berriztarrak ez zuen lortu abadiñarraren defentsa apurtzea eta ekinaren poderioz ezustekoa gauzatu zuen ‘etxekoak’

 

Ander Antxia-k lortu zuen ostiralean TORNOSOLO KOPA Sari Nagusiko txapela. Lehiaketa ezustekoz bukatu da aurten ere. Iaz, Ugarteren kontrakoan, Ander Antxia zen faborito eta galdu egin zuen. Aurten Mikel Gonzalez zen lehiaketa irabazteko hautagai nagusia eta Antxiak eraman du titulua berriztarra 40-32 garaituta.

Finala gogorra eta erritmo bizikoa izan zen. Fisikoki oso exigentea eta hor, berriztarra ere ondo prestatua egonagatik, abadiñarra gehiago izan zen. Mikel Gonzalez-ek joku gehiago dauka baina ez zuen hori kantxaratzen jakin. Gehienbat horren errudun aurkaria izan zen, Gonzalez ondo ezagutzen baitu Antxiak eta bai badaki Mikel-i eutsi ezkero honek ‘burua’ galtzeko joera daukala. Finalean Mikel Gonzalez-ek ez zuen bururik galdu baina jokuan asmatzeko gaitasun ezak porrotera eraman zuen.

Lehen tartean aurretik izan zen berriztarra (2-6) baina ostean Antxiak hartu zuen partiduko agintaritza. Partidua apurtzeko gaitasunik ez baina aurrea mantentzea uneoro lortu zuen Ander-ek. Pilota zailak eraman eta aukerakoak probeztu zituen berak. Aldiberean, aurkariaren joku ekimen eta ideiak desagertarazi zituen. Halere, Gonzalez partiduan mantendu zen eta 29-31 aurretik jarri ere. Azken txanpa interesgarria aurreikusten zen baina hortxe lortu zuen abadiñarrak tantu takada erabakigarria 39-31.

Azkenean, merezita, titulua gehien eta egokien jokatu zuenak lortu zuen.