Goikoetxea-Aimar vs Arbe-Lopez: 9-15, 5-15

Beaskoetxea-Zabala vs Erkiaga-Etxeto:13-15, 13-15

 

Dena prest dago Hondarribiko Grand Slameko final handirako. Finalaurrekoetan lortutako garaipenen ondoren, Arbe-Lopez eta Erkiaga-Etxeto izango dira datorren ostiralean, urriaren 15ean, 20.00etan, elkarren aurka jokatuko duten bikoteak.

Grand Slameko lau finalistak merezimenduekin iritsi dira azken jardunaldira. Zentzu horretan, Arbek eta Lopezek txapelketako faboritoetako biren aurka jokatu behar izan zuten finalerdietan: Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal. Azken hauek A multzoko lehen postuan sailkatu ziren ligaxkan, baina atzo ez zuten egunik onena izan.

Bi setetan Arbe eta Lopez jaun eta jabe izan ziren kantxan, atzealdean zein aurrealdean joko sendoa eginez, eta markagailuan aurretik joan ziren ia une oro. Urdinek 9-15ekoan itxi zuten lehen seta eta bigarrena ere 5-15ekoarekin irabazi zuten.

Bigarren norgehiagoka, Erkiagak eta Etxetok Diego Beaskoetxea eta Jon Zabalaren aurka jokatu zutena, askoz borrokatuagoa izan zen. Hiru setak jokatzera ere iritsi ez baziren ere, markagailuko errentak ez ziren aurreko partidan bezain handiak izan.

Erkiagak dagoeneko ohituta gaituen trebezia izugarria nabarmendu zuen, tanto bikainak sinatuz eta Beaskoetxea zein Zabala korrika egitera behartu zituen jokaldiak eginez. Bi set luzeren ondoren, partida Erkiaga eta Etxetoren garaipenarekin bukatu zen, bi zatietan emaitza berdinarekin (13-15).