‘Etxeko’ pilotarietaz gain Nesken Gomazko Paletan zein Larruzko Paletan Mexiko, Uruguay, Venezuela, Txile eta Euskadi-ko pilotariak arituko dira bertan

Aurten Argentinako Euskal Festa Nagusia Buenos Aires hiriburutik 60 km-tara dagoen La Plata herrian izango da azaroaren 1ean hasi eta 9ra bitartean. Hori probeztuta Munduko Pilota Batzarrak urtero antolatzen duen Nazioarteko lehiaketa bertan jokatzea erabaki du. Trinketeko txapelketa izango da (Nesken Gomazko Paleta eta Larruzko Paleta) baina nazioarteko paletista ugari bertaratuko direnez Ezker Hormako nesken lehiaketa ere jokatuko da Munduko Pilota Batzarraren apustuetako bat hori baita.
Lehiaketa azaroaren 2an, igandea goizeko 11:00etan, hasiko da La Plata-ko euskal etxeko trinkete dotorean. Trinketeko lehiaketan, nesken gomazkoan zein mutilek jokatuko duten larruzkoan, sei lurralde ezberdinetako pilotariek hartuko dute parte. Bakoitza berean maila gorenekoak, ondorioz lehiaketa estua izango denaren pertzepzioa dago. Argentinarrak, etxean jokatuta gainera, dira faborito baina Uruguay-ko bikoteak zein euskaldunak aukerak dituztela ematen du. Txile, Venezuela eta Mexiko-ko pilotariekin kontu izan beharko da batez ere nesken jokamoldean Mexiko-ko Mundialetan izan berri dira hauek ere eta jokuan izango baitira.
Trinketekoa igandean hasi eta ligatxu zein finalaurrekoak jokatu ostean, hilaren 6an ostegunez bukatuko da. Artean jokatuko dira ezker hormako partiduak ere baina bigarren lehiaketa honen azken fasea hilaren 7 eta 8-rako dago iragarrita. Frontoiko txapelketa “Parque Pereira” delako inguru zoragarrian dagoen pilotalekuan jokatuko da, aire librean, lehiaketak maila izateaz gain xarma berezia ere hartuko duelarik.
Azaroaren 9an pilotari guztiek beren lurraldetarako bueltako bidaiak hartuko dituzte. Emaitzen araberakoak izango dira itzulerak, goxoak edo garratzak.
Lehiaketaren informazio osoa www.mundupilota.org webgunean aurkituko duzue txapelketa hastearekin batera.