Emakumezkotan Lusson-Garcia jada finalean daude; larruzko paletan, ligatxuko azkenak jokatuta, finalaurrekoak Euskadi /Venezuela eta Argentina/Uruguay dira.

Ihardunaldi erabakiorra zen atzokoa, nesketan argentinar eta txiletarren norgehiagokatik ateratzen bait zen lehen finalista eta gizonezko larruzko paletakoan finalaurrekotako gurutzaketak erabakitzen bait ziren.

Lehen bi partiduetan ez zen ezustekorik egon eta Argetinako bikoteek finalerako sailkapena eta taldeburutza lortu zuten. Lusson-Garcia bikoak Bastarrica-Solas txiletarrak xamur garaitu zituzten (30-16) beren maila berriz ere agerian utziaz.

Gizonezkoetan abantaila are eta handiagoa lortu zuten etxekoek. Azken emaitza 40-15 izan zen Pecker eta Bilbao-ren alde erakutsitako nagusitasuna tarteko. Venezuelako Lorenzo eta Borrajo lehia guztian ezinean aritu ziren.

Eguneko azkena ihardunaldiko partidua izan zen. Faborito bakoa eta argentinarren kontrako gurutzaketa ekidin nahian atera ziren kantxara euskaldun eta uruguaiarrak. Garaizar-Gordon eta Tourreilles-Unzurrunzaga bikoteen artekoa bikaina izan zen. 40-31 irabazi zuten Kurene-ko gazteek maila ikaragarria erakutsiaz.

Gaur finalaurrekoak erabakiko dira Argentina / Uruguay eta Euskadi / Venezuela norgehiagokak jokatu ostean.

Nesken bigarren bikote finalista ere erabakiko da, Uruguay-ko bikotea jada La Plata-en baita eta Mexikarren zein euskaldunen contra jokatuko baitu. Lehia borrokatuak iragartzen dira biak ere nahiz eta euskaldunak lehen partidua irabazita lasaiago izateko aukeran dauden.

Gaur arratsaldez, euriak jada alde eginda, ezker hormako lehiaketari ere hasiera emango zaio Nesken Gomazko Paletan. Goizez trinketean, arratsalde Parque Pereyra-ko pilotalekuan, pilotaz blai izango dira argentinar pilotazaleak.