Emakumezkotan eta larruzko paletan bertokoek erraz garaitu zituzten Venezuelako eta Txileko bikoak; uruguaiarrek, pixkat gehiago kostata, mexikarrak garaitu zituzten.

Etxekoak bikain hasi dute Argentina-ko Trinketeko Nazioarteko txapelketa. Bigarren ihardunaldian, nesken gomazko paletan 30-9 irabazi zuten, larruzko paletan ordea 40-18. Atzoko hirugarren partidua, borrokatuago, Uruguay-ko bikoak irabazi zuen 40-33 mexikarren kontrakoan.

La Plata-ko trinketean jende ugari batu zen atzo lehiaketako bigarren ihardunaldian bertokoen estreineko partiduak ikusteko. Argentinarrak faborito ziren eta ez zuten hutsik egin. Neskek, Busson-Garcia, aixe garaitu zituzten Venezuelako Rangel eta Borges (30-9), nahiz eta azken hauek dohai politak erakutsi.

Larruzko Paletan, Pecker-Bilbao kantxaratu ziren argentinarren ordezkari eta Solas-Vega 40-18 emaitzaz hartu zituzten mendean. Txiletarrak, aurreko eguneko partidua zuten oraindik gogoan eta ez zuten beren maila eman, errazegi galduaz.

Eguneko azken partidua Uruguay-ko FLORES Euskal Etxeko Tourreilles-Unzurrunzaga bikoak atera zuen aurrera Gradillas mexikarra eta Cochola argentinarraren aurkakoan (40-33).

Partidu lehiatua izan zen baina azken unean Jorge Tourreilles beteranoaren esperientzia baliagarri izan zen uruguaiarrentzat.

Gaur, hirugarren ihardunaldia jokatuko da zeinetan larruzko paletako finalaurrekoak erabakita geratuko diren.