Arabio eta Aspuru Promesen mailako Tornosolo Kopa eskuratu nahian bihar (19:30etan)

 

TORNOSOLO KOPA, bere promesentzako lehiaketan, bi abadiñarren arteko FINALA ikustekotan da bihar izen bera daraman Abadiñoko kantxan.

Arabiourrutia eta Aspuru, Atxarte Pilota Elkarteko bi pilotariak zeinak ia beti kide izan diren ezker horman zein trinketean, elkarren kontra arituko dira Banakako txapelketa preziatua lortzekotan. Atzelaria da faborito baina aurrelariak, finalerditan egin zuen bezala, badu ezustekoa emateko gaitasunik.

Asier Aspuru banaka gehiago aritu da, pilotari indartsuagoa da. Jokuan agintari izateko dohaiak ditu eta horrela lortuz gero, sarea ondo bilatzen du. Sake indartsua dauka eta ondo baliatuz gero min egin dezake. Sake erreztoa izan daiteke Aspuru-ren gabezia nabarmenena.

Aurrez aipatutakoaren berri oso ondo daki Arabiourrutiak. Elkarrekin dozenaka partidu jokatu dituzte eta bien arteko ezagupen maila itzela da. Arabiourrutiak finala irabazteko badaki jokua aldrebestea izan behar dela bere argudio nagusia. Bi hormakoak, frailea, teilatua, ñakuak,…nolabait esateko aurkaria beti ezustean harrapatzea. Emango ote dio Aspuru-ren indarrak horretarako aukerarik? Bihar erantzuna TORNOSOLO-n.