Euskal selekzioko bi bikoek jokatu zuten atzo Larruzko Paletako Nazioarteko finala eta Garate-Agirre nagusitu ziren (35-29) Millet eta Andonegi-ren kontrakoan
Giro aparta eta final bikaina atzo iluntzean Sopelako pilotalekuan jokatutakoa. Munduko Pilota Batzarrak antolatutako nazioarteko lehiaketaren azken partidua gustura ikusi zuten pilotazaleek eta emaitza ‘etxekoen’ aldekoa izanaz gehiago disfrutatu ere. Euskal selekzioko bi bikote aritu ziren elkarren aurka eta Garate-Agirre gehiago izan ziren. Millet eta Andonegi garaitu zituzten (35-29) ordubeteko ekinaren ostean.
Lehen hamarkada bizia izan zen. Millet oso ausart aritu zen baina ondo eutsi zizkion bi hormakoak Garate-k eta bigarren zatian etzen saiatu. Atzean bi atzelariak fin aritu ziren nahiz eta azken txanpa luze egin zitzaion Imanol Agirre-ri. Dena den, atzelari sopeloztarrak kide bikaina izan zuen aurrean, laukoteko onena, Ibon Garate. Oso seguru eta indartsu jokatu zuen Garate-k, txorakeri bat bera ere egin gabe. Aurrean ez zuen asko jokatu baina bere pilotakada bakoitzak intentzioa zeukan eta min egin zuen. Horrez gain, huts gutxi eginaz partidua aurrera atera zuten. Erdialdean ateratako hiruzpalau tantutako abantaila mantendu zuten bukaerararte. Partiduak bazuen arriskua ‘etxekoentzat’ aurretik joanagatik. Garate eta Agirrek bazekiten hori eta ez zuten inoiz kontzentrazioa galdu bukaerararte.