Ibañez-Saez eta Irazustabarrena-Martin (euskal selekzioa) aixe nagusitu dira Uruguay-ko bi bikoteen kontrakoan; artean, Bastarrica-Solas txiletarrek inongo aukera barik utzi dituzte Venezuela-ko Rangel eta Borges

Nazioarteko Trinkete Txapelketako bigarren ihardunaldia burutu da gaur Trinidad-eko Polo Bessonart trinketean. Bertan euskal selekzioko bikoteek bi garaipen erdietsi dituzte eta seguruenik finalaurrekotan elkarren kontra aritu beharko dira. Ibañez eta Saez-ek nagusitasun osoz hartu dituzte mendean ‘etxeko’ Baez eta Moreira (30-7). Zalantza izpirik utzi ez duen partidua non hasieratik bukaerara askoz gehiago izan diren euskaldunak. Irazustabarrena eta Martin-eri gehixeago kostatu izan zaie (30-17) baina, egiari zor, uneoro izan dute kontrolpean Acosta-tarren kontrako norgehiagoka.
Hirugarren partiduan, Venezuela-k ez du partidu onik egin eta erraz galdu dute Txileko ordezkarien kontrakoa (30-11), ondorioz ez dute jada inolako aukerarik lehiaketan aurrera jarraitzeko.
Biharko egunez ihardunaldi bikoitza jokatuko da; goizez ligatxuko azkena eta iluntzean bi finalaurrekoak.
Multzo bietan gauzak nahiko argi daude baina argiago B taldean. Euskaldunak (Irazustabarrena-Martin) jada taldeburu izango dira ziur. Beste finalerditarako txartela Bastarrica-Z.Solas (Euzko Etxea Txile) eta L.Acosta-M.Acosta (Euzko Etxea Flores) bikoteen artean erabakiko da. Venezuela ostera bere partidua irabazita ere kanpoan egongo litzateke.
A multzoan, istripu larria beharko luke Johana Zair eta Lis Garcia-k lehen postua ez lortzeko. Artean Ibañez-Saez (euskal selekzioa) behin behinean bigarrenak dira eta euskaldunen arteko finalaurrekoa aurreikusten da.