Fusto eta Imanol  3-1 gailendu ziren Gaubeka eta Ibargarai-ren kontrakoan Mungian; bigarrenean Necol-Ibai Perez gehiago izan eta Landeta-Brefel gainditu zituzten (3-1)

 

Munduko Pilota Batzarraren Binakako Pala Txapelketa Nagusiak irekiera bikaina izan zuen ostiralean Mungiako udal pilotalekuan. Jende asko hurreratu zen pilotalekura eta partidu bikainak ikusteko aukeran izan zen.

Lehen lehia ezkertiek irabazi zutela esan liteke. Fusto, nabarmen bere eskubiaz ezinean, eta Imanol 3-1 gailendu ziren Gaubeka eta Ibargarai-ren kontrakoan. Gero galtzaile izango zirenek lortu zuten lehen jokua, 9-5koari buelta eman eta 9-10 irabazita. Fusto eta Imanol-i min egin zien horrela galtzeak eta bigarrenean horren patua ordaindu zuten urdinek (10-6).

Hurrengo bi jokuak 10-9 bukatu ziren, biak gorrien alde. Tantu ikaragarriak jokatu zituzten lau izarrek baina denetan bat nabarmendu behar izanez gero Imanol. Eman eta oso gutxi hutsegin zuen bizkaitarrak. Argentinarrak ‘ezkerrez’ soilik jokatu zuen baina hala ere asko da. Aurkariek ere ondo jokatu zuten baina irabazleek baino huts gehiago egin zituzten eta hor joan zitzaien partidua.

Bigarrenean, animo ugari izanagatik, etxeko pilotariak ezin izan zuen garaipenik lortu. Landeta-Brefel bikoak 3-1 galdu zuen Necol eta Ibai Perez sestaoarraren kontrakoa. Necol izan zen partiduko pilotari onena, bere joku bolada ikaragarriari jarraipena emanaz.