Abadiñoko kantxan  Mikel Gonzalez eta Thierry Harismendy-k lortu zuten TORNOSOLO KOPA NAGUSI-ko finalerditarako txartela

 

TORNOSOLO KOPA sari nagusiak ezusteko gabe bukatu zuen ostiralez bere lehen jaialdia, final laurdenetakoa. Mikel Gonzalez eta Thierry Harismendy ziren faborito eta beraiek lortu zuten garaipena. Dena den, finalerditarako txartela oso era ezberdinean lortu zuten bi pilotariek.

Mikel Gonzalez berriztarrak etzion inongo aukerarik eman Gurutzealde-ri. 40-12 izan zen markagailuak lehia bukatutakoan erakusten zuen emaitza, adierazgarria oso. Bizkaitarrak sakearekin zein pilotari emaniko abiadurarekin min handia egin zion Munduko Kopan brontzea lortutako gipuzkoarrari. Oraindik koxka bat badagoela agerian geratu zen Tornosolo trinketean.

Thierry Harismendyk ostera asko sufritu zuen garaipena lortzeko. Aspuru abadiñarra, promesatan txapeldun izana, gogotsu atera zen kantxara lehen aldiz Iparraldeko izarretako baten kontra aritzera. Hazita aritu zen lehen erdian eta aldeak bereak izan ziren gainera. Azken unerarte, nahiz eta Harismendy hurreratu, aukera errealak izan zituen abadiñarrak ezustekoa emateko (36-37). Azken txanpan, esperientzia baliatuz lau tantu errezkan egin zituen Bidasoaz bestaldekoak eta finalerditarako txartela lortu zuen (40-37). Hurrengo ostiralean beste abadiñar bat izango du aurkari, Ander Antxia. Bigarren finalerdia Mikel Gonzalez eta Inhar Ugarte-ren artekoa izango da.