BIZKAIA frontoian Ibai Perez menderatu zuen atzo gauez nahiz eta eskuin eskuko hatzamar bat arrailatua izan (10-9, 10-6, 10-3); Gaubeka izango dun aurkari txapelaren borrokan armintzarrak Ibargarai garaitu baitzuen

Pablo Fusto eta Esteban Gaubeka izango dira datorren larunbatean Munduko Pilota Batzarraren Banakako Pala Txapelketa Nagusiaren finalean arituko direnak. Egungo txapeldunak Ibai Perez garaitu zuen atzo eta armintzarrak ostera, bere azken urteetako Ibargarai borreroa menderatu, eta beste behin, azken pausua ematekotan da txapela janstekotan.

BIZKAIA frontoian atzo Fusto argentinarrak balentria makala lortu zuen. Prestaketako azken saioan pilotakada jaso eta eskuin eskuko erdiko hatzamarra arrailatu zuen Buenos Aires-eko txapeldunak. Atzerapenik ez eta jokatzea erabaki ostean, zalantza askorekin kantxaratu zen pilotalekura, hatzamarra titare batez babestua eta infiltratua. Pala ondo eusteko arazoak zituela baina irabazi eta finalean egoteko inork baino gogo gehiago zituela, amorratua eta zorte txarrari aurre egiteko prest. Bere aukerak defendatu behar zituen eta bikain bete zuen eginbeharra, kalitatez eta indarrez jositako txapeldun soila ez dela nabarmen agerian utziaz. Zoritxarrei aurre egiteko argudioak ere badituela erakutsi zuen.

Finalaurrekoa gainera oso zail jarri zitzaion hasieratik. Ibai Perez bikain batek lehen jokoa esku eskura jarri zuen (6-9) eta arriskuan ikusi zuen bere burua. Horri ere aurre egin eta errezkan lau tantu lortuta 10-9 irabazi zuen jokua.

Hurrengo biak ere berak garaitu zituen (10-6, 10-3); lehena irabazteak emaniko indar eta konfiantzak beste behin garaitezin bihurtu zuen Pablo Fusto. Bostgarren urtez jarraian finalean da.

Aurten aurkari ez du Xabier Ibargarai izango azken bi urteetan gertatu bezala. Lehen finalaurrekoa Gaubekak irabazi zuen eta bere azken ediziotako borreroa finaletik kanpo utzi.

Armintzako ‘oilarrak’ serio eta erasokor jokatu zuen hasieratik eta denean izan zen nafarra baino gehiago. 8-10 eta 5-10 irabazi zituen lehen bi jokoak. Hirugarrenean Ibaragarai-k lanak jarri zizkion eta 10-6 menderatu gainera. Bizkaitarrak berriz bere onera eraman zuen partidua eta laugarrenean 6-10ekoa bueltatu eta aspaldian faltan zuen finalerako txartela poltsikoratu zuen. Nafarraren akats nagusia aurreko jokura sartzea izan zen eta hor, logikoa den gisara, aurrelaria gailendu zen. Azken urteetan faltan botatako BANAKAKO finala izango du bizkaitar pilotazaleak datorren larunbatean BIZKAIA frontoian (17:00etan,ETB zuzenean).