BIZKAIA frontoian Imanol eta Brefel kanporatu dituzte Banakako txapelketatik

Munduko Pilota Batzarraren Banakako Pala Txapelketa Nagusian ezusteko gabe bukatu da hirugarren ihardunaldia. Nahiz eta asko kosta, Gaubeka eta Ibai Perez-ek beren kanporaketak irabazi eta finalerditarako txartela lortu dute Imanol eta Brefel menderatuta.

Bizkaitarraren arteko lehia armintzarrak eraman du 3-1 BBK ligako txapelduna garaituta. Halere, Gaubeka oso urduri hasteak lehen abantaila Imanol-i eman dio (8-10), bera ondo jokatzen hasita noski. Armintzako oilarra-k ez du lehen saioan agur esateko gogorik izan eta urduritasunak alde batera utzita beste hiru jokoen jabe egin da (10-8, 10-6, 10-4). Finalerdietan izango da, beste behin, bere azken urteetako borrero Ibargarai aurka duela.

Bigarren final laurdena Ibai Perez-ek irabazi du baina itzel sufritu ostean. Brefel 2-0 aurreratu da bikain jokatuaz eta sestaoarrari aukerarik eman gabe (2-10, 6-10). Ibai Pérez sakearekin min egiten hasi, bi hormakoekin asmatu eta partiduari buelta eman dio (10-8, 10-5, 10-8). Pablo Fusto izango du zai finalerdietan.