Ibai Perez sestaorra lez larunbat honetan estreinatuko da BIZKAIA frontoian Banakako txapelketan Imanol eta Brefel aurkari dituztela (17:00etan)

Munduko Pilota Batzarraren Banakako Pala Txapelketa Nagusiak bere hirugarren ihardunaldia biziko du BIZKAIA frontoian, final laurdenetako demak hain zuzen ere (17:00etan).

Printzipioz itzelezko partidu bi iragartzen dira zeinetan faboritoak zeintzu ziren adieraztea ez den batere erraza. Imanol eta Gaubeka arituko dira lehen lehian, bigarrenean aldiz Ibai Pérez eta Brefel.

Armintzako ‘oilar’ nagusiak Banakakoan berriz ere protagonista izan nahi du. Azken urteetan Ibargarai nafarrak kendu dio Fusto argentinarraren arerio nagusi izatearen ohore hori zeina berreskuratzeko gogoz den 2016ko honetan. Banaka asko jokatzen badaki Gaubekak baina azken urteak ez dira onak izan berarentzat. Larunbatean estreinua du eta ez nolanahikoa. Imanol Ibañez du aurkari, morales zein jokuz bikain dagoena. BBK liga irabazi berritan eta Necol garaituta partidu handi baten ostean, atzelari ezkerra arerio arriskutsua da. Gaubeka-rentzat lehen partidua da eta horrek ere badu bere zama. Biek dute irabazteko gaitasuna eta ala demostratu nahiko dute. Irabazleak Ibargarai du zai hurrengo eskailaran.

Ostean bi atzelariren artekoa jokatuko da; Brefel eta Ibai Pérez. Sestaoarrak iaz bikain jokatu eta ezusteko bat baino gehiago eman zuen. Behetik hasi eta Fusto ahalguztidunarenganaino iritsi zen. Argentinarrak kendu zion finala jokatzeko aukera. Aurten, Brefel dator behetik joku bikaina kantxaratuz eta goikoa jan nahian. Ibai Pérez teknikoki gehiago da baina Toulouse-ko atzelariaren indarra eusteko beste gauza asko behar dira. Partidua oso irekia dago.

Irabazleak Pablo Fusto izango du hurrengo partiduan, baina oraindik goiz da hari begiratzeko.