Garatea-Aspuru eta Titín III-Ugarte menderatu dituzte jendez lepo bete den Tornosolo-n

 

Inoiz ez bezalako betekada bizi izan du Abadiñoko Tornosolo trinketeak San Blas txapelketako finalerdiak ikusteko. Titín III bertaratzeak izan du gehienbat horren errua eta Triziokoak maila handia eman ez duen arren, pilotazalea gustura atera da ikusitakoaz.

Lehen finalerdia Gonzalez eta Antxiak irabazi dute 40-25. Faborito ziren eta ala demostratu dute. Halere, partidua ez da bigarren zatirarte apurtu. Lehen erdian Asier Aspuru gaztea oso indartsu agertu da eta Garateak ere eutsi du. Bigarren zatian, gehienbat sakean asmatuta, Mikel Gonzalez-ek erabaki du partidua. Aspuru pixkat behera etorri da lan handia egitea tokatu baitzaio eta Antxiak bere martxa mantendu du. Dena den, finalerdia bizia eta gogorra izan da eta nabarmen utzi du agerian Aspuru gazteak handienekin aritzeko gaitasuna baduela.

Bigarren finalerdian Titín III-aren jokua zenbaterainokoa izan zitekeen ikusteke zegoen eta horregaitik Ugarte eta biek Iparraldeko bikotearen kontra zer egiteko gai ziren inkognita zen.

Elgart eta Amulet bikain hasi dira eta laster ireki dute tartea. Ugarte-ri lana pilatu zaio eta Titín III lekuz kanpo aurkitu da uneoro. Tantu dotore batzu lortu ditu eta txalotua ere izan da Triziokoa baina maila horretan gehiago behar da. Garaipen erraza lortu dute Iparraldekoek (20-40) eta beraiek izango dira ’etxekoen’ kontra finala jokatuko dutenak. Zita nagusia hurrengo larunbatean izango da, 17:00etan TORNOSOLO-n.