Sestaoarrak Aierbe eta  sopeloztarrak Zubiri garaitu zituzten atzo iluntzean Bilboko BIZKAIA frontoian; Imanol eta Gaubeka dituzte zai final laurdenetan (12:00etan)

BANAKAko PALA TXAPELKETA PROFESIONALA-k erabakita utzi zituen atzo bere final laurdenak, zeinak bihar jokatuko diren Sopela-ko udal pilotalekuan (12:00etan), Ibai Perez eta Larrinaga-ren garaipenekin.

Ibai Perez eta Zubiri garaipenerako faborito somatzen ziren atzokoan. Dena den, Aierbe eta Larrinagaren esperientziak gazteak zailtasunetan jarriko zituztenaren susmoa ere bazegoen jarraitzeileen artean. Bi partiduen ostean, gaztetasunak eta esperientziak bana egin zuten.

Ibai Perez 3-0 nagusitu zitzaion Mikel Aierbe zarauztarrari lehenak berea jokatu zuen lehia batean. Halere, gipuzkoarra oso makal aritu zen. Lehen jokoa 3-10 atera zuen aurrera BBK txapeldunak. Bigarrenean Aierbe-k bere jokua hobetu eta berdintzeko aukera zuenean, 8-4 aurretik, abantaila pikutara bota eta 8-10 galdu zuen. Partiduak Sestao-rako bidea hartu zuen erabat. Hirugarrena ere Perez-ek irabazi zuen estu bada ere (9-10).

Bigarren partidua oso ezberdina izan zen, biziagoa eta parekatuagoa. Bost joko jokatu behar izan ziren garailea erabakitzeko. Lehen jokua Koldo Larrinaga sopeloztarrak irabazi zuen. ‘Enchufatuta’ atera zen eta Zubiri-ren hasiera hotzari etekina atera zion. Hurrengo bi jokoak ordea gaztearentzat izan ziren (9-10, 8-10), justu xamar izan baziren ere. Zubiri-k bere onena ezin izan zuen atera partidu osoan baina, 1-2 aurretik jarrita, ematen zuen lehia berea zela. Larrinaga ez zegoen partidua botatzeko eta bere ekinean jarraituta 10-5 eta 10-8 irabazi zituen hurrengo biak sari potoloa berenganatuz.

Imanol eta Gaubeka faborito

Bihar eguerdiko 12etan final laurdenetan Pala Profesionaleko bi izar handienetakoak beren estreinua egingo dute Sopelan. Imanol eta Gaubeka ezustekoa ekiditera aterako dira kantxara. Printzipioz oso faborito dira baina kontu izan beharko dute aurkariekaz. Lehen lehia bi ezkertik jokatuko dute, benetan lehia interesgarria; Imanol / Ibai Perez. Ostean, Larrinaga eta Gaubeka-ren txanda izango da.

Garaipena lortzen dutenek, Fusto eta Ibargarai izango dituzte hurrengo eskaileran, hain zuzen, finala lortzeko azken pausua izango litzatekeen partiduan. Bi finalaurreko horiek, hilaren 17an BIZKAIA FRONTOIAN jokatuko dira. Finala, urtarrilaren 24an (17:00etan ETB-K zuzenean).