Igande honetan Zornotzan (12:30etan) N.Martin-Saez eta Arrizabalaga-Etxaniz bikoteek Emakumezkoen Gomazko Paleta Zirkuituko txapelak dituzte jokuan

Nesken Gomazko ‘mpb’ Paleta Zirkuitua bukatzear dago. Igandean jokatuko da finala Zornotzako ZELAIETA pilotalekuan (12:30etan). Bertan, Nagore Martin eta Laura Saez, ligatxuan taldeburu izanak, eta Arrizabalaga-Etxaniz bikoak, finalerdiko irabazleak, jokatuko dute.

Lau pilotariek maila ikaragarria dute eta faborito argi bako finala da igandekoa. Arabarrak agian erregularragoak direla eta konfiantza gehiago eskeintzen dute baina bizkaitarrak indartsuak eta arriskutsuak dira.

Aurrelari bien arteko lehia bikaina izango da seguru. Oso azkarrak eta biziak dira biak. Bizkaitarra erasorako joera handiakoa da baina aurrean duen aurkaria zein den kontuan izanda, arrisku asko hartu beharra izango du.

Atzelarien artekoa ere lehia bikaina izango da. Bata indartsuagoa da, bizkaitarra, baina bestea, arabarra, oso pilotari segurua da, oso pilota gutxia galtzen dituena eta partiduaren irakurketa egokia egiten inork baino hobeto egiten dakiena.

Txapeldun izan nahi duenak BIKAIN jokatu beharko du, seguru.

Jaialdia 10:00etan hasiko da bertan Bizkaiko neska gazteen pilota topaketa jokatuko baita.