Fusto-Ibargarai eta Gaubeka-Ibai Perez bikoteek gaur goizez aukeratu dute larunbatean erabiliko duten materiala.

Munduko Pilota Batzarraren Binakako Pala Txapelketa Nagusia larunbatez jokatuko da eta jada menua guztiz prest dago. Gaubeka eta Ibai Perez-en garaipenarekin, ostiralean erabaki zen zeintzu izango ziren protagonista guztiak FINAL NAGUSIAN. Gaur, txapela jansterako bidean erabiliko dituzten pilotak aukeratu dituzte Mungia-ko udal pilotalekuan bertan.
Fusto eta Ibargarai gustora izan dira aukeratutakoarekin baina argentinarrak aurkarien pilotak “baxu xamarrak” direla argudiatu du. Dena den, laurak itxaropentsu ageri dira finalera begira. Denek eman dute maila bikaina orainartean eta finalean bakoitzak berea eman ezkero, partidu handia aterako da. Seguru. Halere, Esteban Gaubeka-ren esanetan “Pablo eta Xabi-ri irabazteko perfekto jokatu behar da. Finalerdian asko jokatu genuen baina hauei irabazteko oraindik gehiago jokatu behar da.”
Armintzarrak gauza batengan ez dauka dudarik; “giroa bikaina izango da. Jende asko etorri da jaialdi denetara eta uste dut finalean harmailak oso osorik beteko direla. Hori esanguratsua da”