Zirkuituko beste partiduan, Garai-ko pilotalekuan, Itsasne Agirre izan zen onena, Goikoetxearekin batera, Pradera-Isasmendi menderatzeko

 

Nesken Gomazko Paletako ‘mpb’ Zirkuituak aurrera darrai. Larrabetzu eta Garaiko partiduak jokatuta, ligatxuak erdilanak burutu ditu jada. Larrabetzun Nagore Martin eta Laura Saez-ek garaipen xamurra lortu zuten ostiralean (30-10) Olatz Arrizabalaga eta Ane Villanueva-ren kontrakoan. Larunbatean garaileak Miren Goikoetxea eta Itsasne Agirre izan ziren (30-28) Itsaso Pradera eta Ane Isasmendi garaituta.

Larrabetzuko jaialditik Nagore Martin gasteiztarraren jokua da goraipatu beharrekoa. Momentu bikainean dago. Lehen ordu laurdenean dena erabakita utzi zuen (14-1). Indartsu hasi zuen partidua eta etxeko pilotariak, Ane Villanuevak, ezin izan zion eutsi. Arrizabalagak ere ez zuen hasiera onik izan eta bere kideari lagundu nahi izan zion gehienetan zorte gabe aritu zen.

Laura Saez beti lez seguru aritu zen nahiz eta egia esan lan gutxirekin batez ere lehen erdi horretan. Olatz eta Ane-k nahi zuten baina Nagore Martin-ek ez zien jokuan sartzen utzi. Halere, bigarren erdian Olatz gehiago sartu zen jokuan eta tantu dotore batzu lortu zituen markagailua itxuratzea lortuz. Dena den, gasteiztarrek bikote sendoa osotzen dute eta emaitza nabarmenarekin lortu zuten garaipena 42 minuturen ostean.

Hurrengo egunean Garain jokatutako lehia askoz borrokatuagoa eta estuagoa izan zen. Itsasne Agirrek Leire Etxaniz liderra ordezkatu zuen eta bikain gainera.

Amurrioko atzelaria izan zen laukotean onena eta Goikoetxea-k ere ondo lagunduta nolabaiteko ezustekoa eman zuten. Pradera eta Isasmendi ez daude bere joku puntu onenean baina printzipioz beraienganako joera zeukan partiduak.

Lehen tantu orekatu batzuren ostean Goikoetxea eta I.Agirre-k abantaila hartu zuten (15-5), atzelariak partidua agindu eta aurrelariak lan hori aurrean probeztuaz.

Pradera eta Isasmendik erreakzionatu beharra zuten eta, kosta zitzaien arren, pixkanaka lortu zuten partidua orekatzea (26-26). Zailena eginda, ematen zuen garaipena beraiena izango zela baina gazteek ez zuten amore eman eta lanean jarraituta 30erako bidea beraiek egin  zuten.

Lehia gogor eta entretenituaren ostean, 30-28 Goikoetxea eta I.Agirre-rentzat.

Hurrengio hitzorduak Durango (ostiralean) eta Mallabia (igandea) izango dira.