Arrizabalaga-Etxaniz bikotea garaitu zuten Zornotzan atzo (30-19) erritmo eta joku bikaineko finalean

 

Nesken Gomazko ‘mpb’ Paleta Zirkuituak bere lehen edizioa bukatua utzi zuen atzo Zornotzan. Bertako pilotaleku dotorean jokatutako finalean, Nagore Martin eta Laura Saez arabarrek lortu zuten garaipena Arrizabalaga-Etxaniz bikoaren kontrakoan.

Lau pilotariek maila ikaragarria erakutsi zuten baina emaitza nahiko argia izan zen arabarrentzat (30-19). Lehen hamarkada bikaina izan zen. Arabarrak oso ondo ekin zioten partiduari eta aldea hartu zuten, gerora erabakiorra izango zena.

Bigarren erdian, Arrizabalaga eta Etxaniz-ek partiduaren agintzaritza hartu zuten eta aldeak murriztea lortu (17-22). Ematen zuen azken txanpa borrokatua izango zela baina berriz partiduak arabarrenganako joera hartu zuen. Laura Saez betiko moduan fin aritu zen atzean eta bizkaitarren indarra eustea lortu zuen. Nagore Martin aurrean azkar ibili zen eta bizkaitarren tantua lortu beharrak hutsegitera eraman zuen sarri aurrelari bizkaitarra. Berriro aldea handitu eta finala berenganatu zuten emaitza nahiko eroso batekin. Dena den, finala oso gogorra eta polita izan zen, ikusleak eskertu zuena bukaerako txaloekin.