BIZKAIA frontoian (19:30etan) Ibai Pérez txapeldunaren eta Gaubeka-ren arteko finalaurrekoa jokatuko da gaur, biak hurrengo ostiraleko finalaren bila

Ibai Perez-eri iritsi zaio bere eguna. Iazko txapela lortu ostean, berorren defentsa egiten hasteko garaia da jada sestaoarrarentzat. Banakako lehen partidua du gaurkoa, finalaurrekoa eta Gaubeka aurkari duela. Xamurretik gutxi izango du.

Hala ere, iaz erakutsitako jokua ikusita, txapelduna bera da faborito nahiz eta lehen partidua beti izaten den konplikatua. Are gehiago garai hauetan. BIZKAIA frontoira hurreratzen den ikusleak gozatu egingo du, seguru. Biek badakita partiduaren garrantzia zenbaterainokoa den bakoitzarentzat eta beraien guztia aterako dute. Horrela bada, partidua handia izango da. Irabazleak finala hurrengo ostiralean jokatuko du Zubiriren kontra. Armintzarra jada finalean da Ibargarairen lesioa tarteko.