EH-ko txapeldun hiru urtez jarraian izaniko bikoak (2010, 2011, 2012) Olatz Arrizabalaga eta Itsasne Agirre-ren aurka jokatuko du ‘mpb’ zirkuituko 9.partidua bihar (19:30etan)

 

Nesken Gomazko Paletako ‘mpb’ Zirkuituak bihar Durangon izango du bere geldialdia. San Fausto jaien egitarau barnean, ligatxuko 9.partidua jokatuko da (19:30etan). Jaialdia ordubete lehenago hasiko da Durangaldeko Eskolarteko lau partidurekin. Ostean, Pradera-Saez / Arrizabalaga-I.Agirre lehia benetan erakargarrian.

Mallabiko aurrelaria eta Gasteizko atzelaria garaipen handiak lortutakoak dira elkarrekin. EH-ko Irekia hiru urtez jarraian irabazi zuten 2010, 2011 eta 2012an. 2013an finalerdietan galdu zuten eta 2014an, finala elkarren kontra jokatu zuten arabarrak irabaziaz Nagore Martin bikote zuela. Praderak Leire Etxaniz-ekin jokatu zuen iaz. Aurten Laura Saez-ek, formatua aldatu izan duten arren, azpitxapelduntza lortu du Amaia Irazustabarrena kide zuela.

Maila handiko bi palista dira eta elkarrekin ondo ulertzen direnak gainera. Agian ez daude orain 3-4 urte zeuden joku mailan baina dena den, bikote handia osatzen dute. Hala eta guztiz, aurkariak ere  gogorrak dira. Olatz Arrizabalaga indartsu dabil eta irregulatasuna bere arerio baldin badu ere, erritmo bizia jartzen duenetakoa da. Atzean Itsasne Agirre izango du Gernikakoak (Isasmendi ordezkatuz) eta Amurriokoak joku maila handia erakutsi zuen larunbatean Garai-ko partiduan.

Gazteen eta helduen arteko dema, belaunaldi ezberdinak, zerk balioko du gehiago, esperientziak ala gaztetasunak ematen duen bizitasunak? Bihar izango dugu erantzuna Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.