Ugarte eta Antxiak, iazko finalistak, Abadiñoko kantxan bere estreinua egingo dute TORNOSOLO KOPA NAGUSI-ko finalerditan

 

TORNOSOLO KOPA sari nagusiak bere finalerdiak biziko ditu ostiral honetan (19:00etan) izen bereko trinketean. Inhar Ugarte eta Ander Antxiak, iazko finalistak, beren estreineko partidua jokatuko dute. Txapeldunak, Algortako txikiak, Mikel Gonzalez hartuko du aurkari, Antxiak bestalde Pascal De Ezcurra. Thierry Harismendy-k utzitako tokia hartuko du Urruña-ko atzelari handiak.

Lehen lehian Inhar Ugarte eta Mikel Gonzalez-ek jokatuko dute. Iazko txapelduna, aurten taldeburu izanagatik, bere aurkaria da faborito. Momentu bikainean dago Mikel Gonzalez eta berari aurre egiteko zailtasunak izan beharko lituzke normalean 2014.eko txapeldunak. Halere, ez da Ugarte gutxietzi behar hainbat titulu lortutakoa baita, agian nabarmenena iazko Tornosolo Kopa. Ezusteko makala eman zuen iaz Palomés, Bixintxo Bilbao, Mikel Gonzalez eta Antxia garaituta.

Aurtengoa ezberdina da ordea, orduan partiduz partidu jokua eta konfiantza hartuaz joan zen bera. Ostiralean bere lehen partidua da, tentsio handikoa eta gainera konfiantza askorekin jokatuko ez duena entrenamenduetan oraindik bere puntua ez baitu lortu. Partiduak izan dezake parekotasunik baina printzipioz faborito nagusia Mikel Gonzalez da.

Bigarren finalerdia, Antxia eta Paxkal De Ezcurra-k jokatuko dute. Urruña-ko atzelariak Harismendy-ren lekua hartuko du honen jokatu ezina tarteko. Finalerdi gogorra aurreikusten da. Paxkal De Ezcurra-k maisutasuna mantentzen duen arren, jada ez dauka orain urte batzuetako sasoia eta ondorioz partidua apurtzea kosta egingo zaio. Aurrean, denaren gainetik, pilotari borrokalari bat du. Tantua galdutzat sekula ematen ez duen horietakoa. Sarean ez ditu agian pilota asko sartuko, ezta sakez tanto asko lortuko baina berari sartu behar dionak ere lana franko egin beharko du.

Irabazle biek, hurrengo ostiralean (abenduaren 4a) jokatuko dute final nagusia (ETB-sat).