Nesken Gomazko Paletan Busson-Garcia eta Larruzko Paletan Dorato-J.Bilbao dira La Plata-ko nazioartekoan txapela lortu duten argentinarrak.

La Plata-ko trinkete lepo bete zen atzo iluntzean bertan jokatu den lehiaketako finalak ikusteko. Ikuslegoak merezi zituen bezain besteko partiduak izan ziren gainera biak eta etxekoen zoramenerako bertokoen garaipenekin gainera.

Lehen finalean argentinar eta uruguaiarrak neurtu ziren. Oso lehiatua eta kalitatezkoa izan zen nesken arteko norgehiagoka. Bukaerararte edozeinek irabazi zezakeenaren susmoa nabaritu zen kantxan. Hala ere, etxekoek lasaitasun puntu hobea zeukatela agerian utziaz garaipena lortu zuten (30-24). Bi atzelariak nabarmendu behar, bata gaztea eta indartsua –Jimena Miranda-, bestea zailduagoa eta era berean ikaragarrizko gaitasunez jantzia –Lis Garcia-, final bikaina eginda atera ziren kantxatik. Aurrelariek ere ondo bete zuten bere eginbeharra.

Larruzko Paletan Dorato eta J.Bilbao suertatu ziren txapeldun (40-31). Garaizar eta Gordon euskaldunek estutu zien finalaren azken unean baina abantaila lasaigarriekin jokatu zuten partidu guztia argentinarrek. Joseba Bilbao izan zen finaleko pilotari nabarmenena baina Gordon ere bikain aritu zen, batez ere azken txanpan. Carlos Dorato, Pecker-en ordezko azken honen azken arazo batzu tarteko, maila onean aritu zen baita ere Xabi Garaizar bezala.

Bi finalen aurretik Xare erakustaldia eskeini zuten bertoko pilotariek eta bi finalen artean omenaldi hunkigarri eta merezitakoa eskeini zitzaion Agustin Asensio Ariño zenari. Istripuz orain urte bete inguru hildako pilotazale argentinarra Munduko Pilota Batzarreko lehen Idazkari Orokorra izan zen.

Gaur ezker hormako bigarren ihardunaldia jokatuko da zeinak bere finalaurrekoak erabakita utziko dituen.

ATXIKITA LA PLATA TXAPELKETAKO TRINKETEKO EMAITZAK