BIZKAIA frontoian Pablo Fusto-k bere tituluaren defentsari ekingo dio bihar; beste behin Ibai Perez izango du aurkari. Beste finalaurrekoa, Ibargarai / Gaubeka

Munduko Pilota Batzarraren Banakako Pala Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoak bihar jokatuko dira BIZKAIA frontoian. Eskuzko pilota jaialdiaren ostean jokatuko dira bi lehiak eta ondorioz ordu zehatzik ezin daiteke adierazi. Dena den, 20:30ak inguru izango dira Ibaragarai eta Gaubeka kantxaratzen direnerako. Ostean Pablo Fusto argentinar txapeldunaren txanda izango da.

Azken hamarkadako palista handienak Ibai Perez izango du aurkari eta bera faborito nabarmena baldin bada ere, badaki sestaoarrak lan zailak jar diezazkiola. Iazkoa dute aurrekari gisa bi pilotariek nahiz eta partidu hartatik hona gauzak asko aldatu badira ere.

Ibai Perez arrakastaz arrakastaz zebilen orain urtebete eta argentinarra estu hartu zuen lehen jokuan. Aurtengoan sestaoarra ez dago hain fin eta Brefel menderatzea asko kostatu zitzaion. Ematen du Fusto-k partidua aterako duela baina argentinarraren lehen partidua izaki badu bere arriskua. Gainera, iazko jokurik izan ezta ere, Ibai Perez-k antzera jokatu beharko du galtzeko ezer gutxi baitu. Teknikoki artista bat da bizkaitarra baina Fusto ezartzen duen erritmoa eusteko gai izango den ikusteke dago.

Lehen finalaurrekoa estuagoa delakoan dago pilotazalea. Ibargarai eta Gaubeka lehiatuko dira. Armintzarrari finalerako txartela kendu dio nafarrak azken ekitaldietan eta horri buelta ematea da Gaubeka-ren nahia. Lehen lehiako urduritasunak kenduta helduko da ‘oillarra’ BIZKAIA frontoira eta, berea eman ezkero, nafarra estu hartu beharko luke. Elizondokoak gainera, bere lehen partidua izaki, tentsio puntu hori izango du eta partidua ondo hasten ez badu urduritasunek lotu egin dezakete. Finalisten nortasuna bihar gauerako jakingo dira.