Nesken Gomazko Paleta final bikain baten ostean 30-27 hartu zituzten mendean Frache eta Saez; bi atzelariek erakustaldia eman zuten.

La Plata-ko trinkete txapelketa bukatu ostean ezker hormakoa bihurtu zen interesgune. Parque Pereyra Iraola pilotaleku dotorean ostiralean ligatxua bukatu eta larunbatean finalerdi eta finala jokatu ziren.

Trinketean sei bikotek parte hartu bazuten, frontoikoan zazpi izan ziren lehian. Ligatxuko bi partiduak irabazita, aixe gainera, taldeburu bezala Zair-Etxaniz eta Frache-Saez sailkatu ziren. Beraiekin batera finalaurrekotan mexikarrak eta argetinarrak izan ziren. Podversich-Lis aurrez sailkatuta eta bigarren bikote onenen moduan Xio eta Figueroa pilotariak.

Lehen finalaurrekoa Frache uruguaiarrak eta Laura Saez arabarrak uste baino errazago irabazi zuten Podversich-Lis Garcia bikotearen kontra (30-17), argentinarrek partidua apurtu ezin zezaketela ikusita arriskuak hartu eta dezente hutsegin baitzuten. Saez-ek betiko ziurtasunaz gain tantu dotoreak ere lortu zituen. Bernardina Frache-k ondo lagundu zuen euskalduna.

Bigarrenean, Zair eta Etxaniz faborito ziren baina hauei ere lan egiteko partidua tokatu zitzaien. Figueroa-Xio mexikarrek bikain jokatu zuten eta emaitza nabarmenaz galdu bazuten ere (30-16), itxura oso ona eman zuten kantxan.

FINALA maila bikainekoa eta kalitatezkoa izan zen. Atzelari euskaldun biek erakustaldia emanaz esan zioten agur txapelketari. 90 minututako partidua izan zen, gauza aipagarri eta dotore asko izan zituena, fisikoki  desgaste handikoa lehia guztia eguzkitan izan ostean.

30-27 erakutsi zuen azken markagailuak. 27-27 egon eta uruguaiarraren huts bati, Johana Zair aurrelari argentinarraren bi tantu gehitu behar zaizkio.

Txapelketa interesgarriak izan dira trinketean zein frontoian jokatutakoak, maila ona agertu dute pilotariek eta are garrantsitsuagoa, hobetzeko griña.

ATXIKITA LA PLATA TXAPELKETAKO FRONTOIKO EMAITZAK