Irazustabarrena-Martin (euskal selekzioa) ezustekoa emateko zorian izan ziren baina ezin (30-25); Ibañez-Saez ere dotore hirugarren postua erdietsiaz Bastarrica-Solas txiletarrak garaituta (30-10)

Munduko Pilota Batzarrak Trinidad-en (Uruguay) antolatutako Nazioarteko txapelketa bukatuta delegaritza guztiak jada bueltan dira.
Ostiralean jokatu zen finala hasieratik gehien entzuten ziren bikoteen artean. Finala bikaina izan zen. Garaipena Johana Zair eta Lis Garcia argentinarrek lortu zuten Irazustabarrena-Martin euskaldunak menderatuta (30-25). Halere, asko sofritu behar izan zuten.
Finalaren hasiera nahiko parekatua izan zen. Nagore Martin-en indarrak estu hartu zuen Lis Garcia argentinarra eta aldi berean Johana Zair-en joku ekimena ezerezean utzi. Hortik euskaldunen abantailak etorri ziren. Dena den, atzelari argentinarrak jokuari neurria hartu zionean kontuak aldatu egin ziren. Arabarraren agintea eta Irazustabarrenaren joku ekimena gutxitu zirenean Johana Zair –argentinar deabrutxoa- gehiago sartu zen jokuan eta markagailua berdindu egin zen, baita jokua ere. Lis Garcia erosoago zebilen kantxan eta Johanak maisuki tantuak lortuaz abantaila hartu zuten argentinarrek partiduaren azken txanpan. Abantaila mantendu zuten gero.
Final handia izan zen, lehiaketa dotore bati urrezko bukaera eman ziona non euskaldunen arteko finalarraurrekoa eta finala bera pilotazalea gozatu arazteko partiduak izan ziren. Hirugarren postua Ibañez-Saez bikoak lortu zuen (euskal selek.) Bastarrica-Solas txiletarrak garaituta (30-10).