Munduko Binakako Pala txapelketak badu bere bikote txapelduna: ZUBIRI eta IMANOL. Bi palista bizkaitarrek ezustekoa eman eta garaipena erdiesti dute Donostiko Balda pilotalekuan jokatutako finalean. Fusto eta Urkijo faboritoak garaitu dituzte, gainera 2-0koari buelta emanaz. Finaleko lehen zatia (bi set) nahiko kaxkarrak izan dira. Faboritoek txukun jokatzearekin nahiko izan dute aurrea hartzeko (2-0) gerora txapeldun izan direnak ez baitira fin ibili. Hirugarren set-ean lehia bukatuko zela uste izan du Donostiko Baldan batutako ikuslegoak baina ez da horrela izan. Jokuan gora egin eta Zubiri-Imanol bikoa izan da nagusi hirugarren set-ean, laugarrenean eta baita bostgarrenean ere. Fusto-ren jokua eutsi dute eta argentinarraren atzelariak (Urkijo-k) emaniko erraztasunak probeztu txapeldun izateko. Ezusteko latza. Hirugarren posturako lehia Gaubeka eta Larrinaga-rentzat izan da, hauek ere 3-2 Altadill-Ibargarai menderatuta. Bi partiduen artean Miguel Goldarazena Saralegi (Zurdo de Mugiro), 1975eko martxoaren 8an Balda pilotalekuan partidua jokatzen zegoela bihotzekoak jota zendu zen palista handia, izan da omendua. Aurrerantzean Donostiko pilotalekuan bere omenez jarritako ‘plaka’ bat ikusgai izango da.